XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alferrik genbiltzake editorial honetan lehendabiziko aletik bigarren honetara egin diren aurrerapausuen berri ematen hasiko bagina.

Oraingoan, aurrekoan ailegatu ez ginen barruti zabalago batzuetara hurbildu egin gara, hantxe hau izango da abiapuntua, hurrengoetarako erreferentziagunea.

Hasierako proiektua zehaztuz eta dekantatuz doala dirudi.

Funtsezko akats batzuk zuzentzeari ekin zaio; zabalkunde eta itxura grafikoari dagokienak batipat.

Lanen kalitatea ekinaren ekinez lortzeko gauza delakotan, aldez aurretik ezarritako maila aise gaindituko ez lukeen lanik, zorrozki zentsuratu ez, eta ongixko dauden beste batzuekin batera azaltzen dira.

Haatik, artikuluak jasotzeko gutxienezko baldintza batzuk jarri ditugu aldizkariaren kontrazalean, bertan nora bidali behar diren argitzen delarik.

Baitezpadakoak zaizkigun, eta biziki eskertu nahi dizkizuegun kritika eta aholku batzuk ailegatu zaizkigu, baliogarriak benetan, beraz, ale honek posta-kutxa kritiken zain du.

Bada nobedade bat oraingo honetan, separata edo liburu antzeko baten argitarapena, nolabait ikerketa edota bestelako lan mardulagoek bere txoko autonomoa izatea izan bait da geure asmotariko bat; aldizkaria ateratzeaz gain sasi editore eta hor hemengo ekintzen antolatzailea izatea.